Udalak Gizatea elkartearekin hitzarmena sinatu du laneratze-enpresa zein gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziei erreserbatutako kontratuak izan daitezkeen kontratuak identifikatzeko

Argazkian, ezkerretik eskuinera: June Polo, Gizateako Gipuzkoako ordezkaria; Aizpea Otaegi, alkatea; Joana Revilla, Gizatearen koordinatzailea, eta Iñaki Queralt, Kontratazio eta Ondarea zinegotzia.

Errenteriako Udalak hitzarmena sinatu du Gizatea Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin.

Horren bidez, Gizatea elkarteak Udalaren kontratuak aztertuko ditu eta gizarte-inklusiorako erreserbatutako kontratuak izan daitezkeenak proposatuko ditu. Horrelako kontratuen berezitasuna da da parte hartzeko eskubidea mugatzen dela; izan ere, laneratze-enpresak eta gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak baino ezingo dira aurkeztu eta onartu. Legez, zenbait lizitaziotan parte hartzeko eskubidearen erreserba-portzentajea ezarri behar dute administrazio publikoek, bi enpresa mota hauei dagokienez: laneratze-enpresak eta gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak. Administrazio publikoek, gainera, erreserba bete dadin bermatzeko gutxieneko baldintzak ezarriko dituzte.

Aizpea Otaegi alkateak adierazi du agintaldi planean jasota dagoela kontratazioaren baitan klausula sozialak lantzea, eta laneratze-enpresa zein gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziei erreserbatutako kontratuen gaineko gogoeta egitea. Gaineratu du horiek ahalbidetzea urrats garrantzitsua dela kontratazio publikoa beste termino batzuetan ulertzeko eta beste balio batzuen gainean eraikitzeko. “Azkenean gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta ekitatean oinarritutakoa eraikitzeko bidean garrantzitsua da aukerak sortzea enpleguratzeko garaian zailtasun handienak dituzten pertsonentzako” – azaldu du alkateak. Gainera, gogorarazi du Errenteriako Udalak baduela esperientzia esparru honetan, hain zuzen ere eskualdeko lau udalerrien artean sortu eta sustatzen den Badia Berri gizarteratze enpresa Gizateako kide baita.

Gizateako Gipuzkoako ordezkari den June Polok azaldu du hitzarmen hau garrantzitsua dela Gizatearentzako; izan ere, orain arte gizarteratze enpresak sustatzea entidade sozialetan eta haien lanean oinarritu da, baina beharrezkoa da beste aurrerapauso bat ematea Gipuzkoan, eta gizarteratze enpresa gehiago sortzea denen arteko elkarlanean oinarritu behar da eta hor elkarlan publiko-pribatu bat behar da. Hitzarmen honek hori ahalbidetzen duela adierazi du, kasu honetan Errenteriako Udalarekin.

Bestalde, Gizatearen koordinatzaile den Joana Revillak azaldu duenez, lankidetzarako aukera hau Gizateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gauzatu zuen proiektu baten eskutik sortu zen. Proiektu horren bidez, laneratzeko enpresa berriak sortzeko aukerak edo Gipuzkoako laneratzeko enpresentzako jarduera-ildo berriak identifikatu nahi ziren. Horretarako, hainbat ildotan lan egiten dute: bata, eragile publiko sozial eta pribatuen ekosistema bat sortzearekin zerikusia zuena, laneratzeko enpresen edo jarduera-ildo berrien sorrera hori ahalbidetzeko, eta, bestetik, negozio-aukerak identifikatzea, non dagoen sortzeko aukera. Eta gaur aurkeztutako lankidetza Erein proiektuaren esparruan egin zen aurretiazko lan horren emaitza da.

Azkenik, bi erakundeek azpimarratu dute espero dutela lankidetza honek lan-aukerak eta gizarteratzeko aukerak sortzea egoera ahulenean dauden eta lan-merkatu arruntera iristeko zailtasun gehien dituzten kolektiboentzako, esparru horretan lan egiten baitute gizarteratzeko enpresek.