ETSk astelehenean, otsailaren 21ean, hasiko ditu Galtzaraborda aurrealdean Topoaren saihesbidea eraikitzeko lanak

  • Egun horretatik aurrera, geltokiaren ondoan dagoen parkea obrako etxolak eta metaketa-guneak instalatzeko okupatuko da, obrak amaitu arte

Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bitartez, datorren astelehenean, otsailaren 21ean, hasiko ditu Galtzarabordan Altza eta Pasaia Errenteriako auzo horrekin lotuko dituen lurpeko trenbide saihesbidea egiteko obrak. Horren ondorioz, inguru horretan bizi diren topoaren erabiltzaile guztiek 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute Donostiarako joan-etorrietan.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzaraino eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea osaturik geratzen da. 64,1 milioi euroko aurrekontua eta 46 hilabeteko epea duten lanek, Pasaiako erdigunean lurpeko geltoki berri bat eraikitzea barne hartzen dute.

Lanak eta horien eraginak

Lan horiek, batez ere, Galtzarabordako geralekutik gertu dauden guneetan izango dute eragina. Hori dela eta, Udala Galtzarabordako eta Alabergako Auzo Elkarteekin bildu da obrei buruz hitz egiteko eta gertatzen den guztiari buruzko informazioa helarazteko, bai eta obren eragina jasango duten trafikoa eta aparkalekuak berrantolatzeko hobekuntza-proposamenak kontrastatzeko eta jasotzeko ere.

Lurpeko saihesbidearen hondeaketa lanak bi frontetatik egingo dira: bata Pasai Antxon egongo da, Eskalantegi kalean; bestea, berriz, Geraleku, Parke eta Irumugarrieta kaleek inguratzen duten Galtzarabordako geltokiaren inguruan dagoen parketik egingo da.

Galtzarabordako fronteko lanak egiteko, datozen lau urteetan parke hori okupatu beharko da, obrako etxolak, metaketa-guneak eta makina astunak tunelera sartzeko sarbideak jartzeko. Horregatik, Geraleku, Parke eta Irumugarrieta kaleetatik eta Kiroldegiaren atzealdetik oinezkoentzat dauden sarbide guztiak mozturik geratuko dira. Baita parke hori Geraleku kalearekin lotzen duen oinezkoentzako pasabidea ere.

Kamioien sarrera nagusia Aiako Harria kaletik egingo da. Sarrera eta irteera ahalbidetzeko, zirkulazioa berrantolatuko da, gaur egun noranzko bakarrekoa den kalea izatetik norabide bikoitzekoa izatera pasatuz.

Zirkulazioaren bikoizketak, kiroldegiaren inguruan aparkatzeko plazak galtzea eragingo du, baina galdutako plaza horiek Errenteriako Udalak Alabergako aparkalekuen gainean dagoen plazan (zezen elkartearen aurrean) egingo duen esku-hartzearen bitartez osatuko dira.

Udalerriko beste kirol-eremu batzuetan bezala (Parke kaleko aparkalekuan, esaterako), plaza hori, neurri batean, gaueko aparkaleku gisa egokituko da, trafikoaren berrantolaketaren ondorioz aurreikusitako inpaktua murriztuz. 54 aparkaleku berri sortzea aurreikusten da.

Tarteka, obretara sartzeko Irumugarrieta kalea erabiltzea ere aurreikusten da.

Trazadura

Gaur egun zaku-hondoa den Altzatik, trazadura berria meategiko tunelean joango Donostia eta Pasaia arteko muga markatzen duen Eskalantegi kaleraino.

Ondoren, ibilbide berriak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Pasaia, tunel faltsuan, eta Pasaiako saihesbidearen eta topoaren egungo trazaduraren azpitik gurutzatu aurretik, meategi tunelean jarraituko du Errenteriako udalerrira iritsi arte.

Puntu horretan, diseinaturiko trazadura Parke kalearen parean aterako da kanpora, une honetan Topoa igarotzen den ibarrean, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbidearekin bat egin arte.