Iruzurraren aurkako Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duenak, adierazten du estatu kideek neurri egokiak aplikatu behar dituztela Batasunaren finantza-interesak babesteko; era berean zaindu behar dute Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako neurriei dagozkien funtsak erabiltzeko orduan Batasuneko eta estatuko zuzenbide aplikagarria bete dela, bereziki, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, detektatzeari eta zuzentzeari dagokionez.

Betebehar hori erdieste aldera, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. artikuluaren arabera, SEEPen jasotako neurriak betearazten parte hartzen duen erakunde orok, izan erakunde erabakitzaile zein betearazlea, Iruzurraren aurkako neurrien plan bat eduki beharko du. Horren helburua da bermatzea eta aitortzea, bere jarduera-eremuan, funtsak erabiltzeko orduan bete egin direla aplikatu beharreko arauak, bereziki, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeari, hautemateari eta zuzentzeari dagokienez.

Testuinguru honetan, Errenteriako Udalak adierazi du erabat arbuiatzen dituela iruzurra eta ustelkeria, eta kalitate juridiko, etiko eta moral handia mantentzeko konpromisoa hartu du, bai eta osotasun, inpartzialtasun, gardentasun eta zintzotasun printzipioen arabera jokatzekoa ere. Gainera, bere eginkizunak betetzean iruzurraren eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko duen konpromisoa berretsi du, eta interes-gatazkak garaiz eta behar bezala kudeatzeko asmoa adierazi du.

Adierazpen horren bitartez kultura etiko bat sustatu nahi da erakundearen barruan, iruzurrezko jokabide edo jarduerei bidea ixteko, eta prebentzioa eta detekzioa errazteko; halako kasurik gertatuz gero, horiek kudeatzeko prozedura eraginkorrak sustatuko dira.

Horrez gain, Errenteriako Udalak konpromisoa hartu du EBko funtsak lortzeko eta bideratzeko espedienteetan estandar etiko onenekin bat datorren izapidetze eraginkorra bermatzeko; hori ahalbidetuko duten kudeaketa-prozedura eta kontrol-ereduak ezarriko ditu, hartara SEEPen aurreikusitako helburuak bete daitezen.

Ondorioz, Errenteriako Udalak konpromiso instituzionala hartu du Iruzurraren aurkako plan bat onartzeko, SEEP gauzatzeko prozesuan parte hartuko duela jakiten duenetik 90 egun igaro baino lehen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema konfiguratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. 5 artikuluak xedatutakoaren arabera, iruzurrezko edozein jardueratarako disuasio-efektua izango duen betetze-kultura sustatzeko, eta, horrela, jarduera horiek aurreikusi, detektatu, zuzendu eta jazarri ahal izateko, modu proportzionatuan, eraginkorrean, egokian eta denboran zehar egokituz.

Iruzurraren aurkako plana “Iruzurraren aurkako zikloa” deritzonaren funtsezko lau elementuen inguruan egituratuko da: prebentzioa, detekzioa, zuzenketa eta jazarpena. Plan hori aplikatuko zaie, halaber, “NextGeneration EU” Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsen kudeaketan esku hartzen duten organo eta langile guztiei.

Udalak barneko jakinarazpen-kanalen bidez antzeman litezkeen irregulartasunak edo iruzurraren eta ustelkeriaren susmoak salatuko ditu, eta lankidetzan arituko da une oro Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalarekin eta gainerako agintari eta erakunde publikoekin, Estatuko segurtasun-kidegoekin, autonomikoekin edo foralekin.