Abian da eskola komunitatea artikulatzea helburu duen Herri Arte Eskolaren Eskola Kontseilua

Behin-behineko izaerarekin Herri Arte Eskola-k Eskola Kontseilua eratu du behin-betiko osaerarako oinarriak datorren ikasturte hasierarako finkatuta utziz. Hilabete batzuk atzera eginez Organismo Autonomoaren azken Gida Batzordean berau desegin eta 2 organu berri eratzeko erabakia hartu zen, Zuzendaritza Batzordea eta Eskola Kontseiluari dagozkionak hain zuzen ere.

Lehenak udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako kideez osaturiko eta hauteskunde emaitzen araberako ordezkaritza proportzioa izango duen organoan datza. Eskola Kontseilua aldiz Herri Arte Eskolako eskola-komunitatearen bilgune izango den ordezkaritza organoa izango da eta horrenbestez berau osatuko dute irakasleen, gurasoen eta ikasleen ordezkaritza batek eta arlo pedagogikoko kideek zein zerbitzu-administrazioetako langile ordezkariak. Onartutakoaren baitan zehazki irakasleek bozka eskubidearekin 4 ordezkari izango dituzte, guraso eta ikasleek hiruna, arlo pedagogikotik koordinatzaile pedagogikoak soilik izango du bozka aukera (hasiera batean lehendakari funtzioak ere beteko dituelarik), eta ikasketa-buru eta zerbitzu-administrazioko langile ordezkariak parte-hartze eskubidea izango dute soilik.

Honek guztiak ikasturte hasierarekin batera ordezkaritza kopuruak handitu eta berritzea ekarriko du hauteskunde gisako batzuen bidez. Iraila amaieran xehetu eta jakinaraziko dira eratze prozesu honetarako ezaugarri eta jarraibideak.

Ikasturte amaierako emanaldiak

Ikasturte amaierarekin bat diziplina guztietako emanaldiak ospatuko dira datozen egunetan Niessen eraikinean, LekuOna-n zein Olaskoaga plazan.