Xenpelar tailerren ikasturte berrirako eskaintza aurkeztu dute

2022-2023 ikasturterako Xenpelar Tailerrek eskainiko dituzten ikastaroak aurkeztu ditu gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak.

Helduei zuzendutako 50 ikastaro izango dira guztira. Pintura, zeramika, argazkigintza, egur tailla, altzarien zaharberritze eta patchwork diziplinetan ikastaro eskaintza dibertsifikatu eta ezagutza maila ezberdinetara egokitu da. Hauen iraupena ere moldatu da. Ikasturte osoko eta lauhileko ikastaroak egongo dira eta astean 2 eta 6 ordu bitarteko ikastaroak diseinatu dira. Pandemia aurreko normaltasun-egoerara itzuliko dira aforoei dagokionez.

Eskaintza berriari erantzuteko tasak eguneratu dira eta duela hilabete batzuk Udalak iragarri bezala, Xenpelar Tailerretan errentan oinarritutako fiskalitatea aplikatuko den zerbitzuetako bat izango da, hau da, tasak norberaren gaitasun ekonomikoaren arabera zehaztuko dira.

Tasa maximoak zehaztu dira ikastaro bakoitzeko iraupenaren arabera eta gaitasun ekonomikoaren araberako tasa aplikatzeko eskaera eredu normalizatuan egin beharko da, bertan adieraziko den dokumentazioa aurkeztuz. Ondoren, ebatziko da.

Ikastaroen matrikulazioa 2022ko irailaren 5ean hasiko da eta hilaren 16an bukatuko da. Online kultura.errenteria.eus/xenpelar-tailerrak webgunean eta modu presentzialean ZU! Zure Udala herritarren arreta zerbitzuan irailaren 12tik 15era. Horretarako, beharrezkoa izango da hitzordua eskatzea 943 449600 edo 010 telefono zenbakietara deituta irailaren 7 eta 15a bitarte.

Interesdun guztiek plaza lortzeko aukera bera izan dezaten, esleipena zozketa bidez egingo da eskaera kopurua plaza kopurua baino handiagoa den ikastaroetan. Izen-emateak, beraz, ez du plaza bermatuko.

Informazio guztia Xenpelar Tailerren webgunean edo 943 449635 telefono zenbakira deituta eskuratu daiteke.