Ekainaren 28an, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala

54 urte igaro dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirenetik. Testuinguru hartan lesbiana, gay, bisexuala, trans eta trabestiak poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpen eta xantaien aurrean erreboltatu ziren eta, ondorioz, data hori mugarri bihurtu zen LGTBI+ pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Vicente Vadillo Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean. Ekainaren 28 horretan LGTBI+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Horregatik, Vicente Vadillo Santa Mariaren (Francis) ohorez, Errenterian maiatzaren 17tik aurrera, LGTBIfobiaren aurkako egunetik ekainaren 28ra arte, Harrotasunaren Eguna, egiten diren jardunaldiei “Francisaldia” deitzen zaie.

Ordutik hona urte asko pasa diren arren, bizitzen ari garen testuinguruak agerian utzi du eskubideetan egindako aurrerapenak, kolektiboen eta ekintzaileen urteetako borroka neketsuari esker lortu direnak, hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Eraso LGTBI+fobikoen datuak gora doaz, “armairuak” presente jarraitzen du bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz, LGTBI+ pertsonen bizitzak arriskuan daude. Argi antzematen da eskuin muturreko diskurtsoen gorakada ere, zeintzuek gero eta ozenago aldarrikatzen duten cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatzeko beharra.

Hau guztia kontuan izanik, ekainaren 28 honetan aitortu nahi dugu LGTBI+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina eta, zentzu horretan, Errenteriako Udalak LGTBI+ pertsonen eskubideekiko urteko egun guztietan duen konpromisoa.

Horregatik, Errenteriako Udala konprometitzen da:

1) 2019an burutu zen “ErreferenteEkin” Errenteriako LGTBI+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoan abiapuntutzat hartuta, 2022an onartu genuen LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko ekintza-plana garatzera.

2) 2023a amaitu aurretik dagoeneko onartu den LGTBI+ politiken aholku kontseiluaren lehen bilkura ospatzera.

3) Egun esanguratsuetarako sentsibilizazioa eta jabekuntza sustatzeko programazioa antolatzen jarraitzea.

4) 2023an martxan jarri dugun LGTBI+ pertsonen ahalduntzerako aholkularitza espaziora iristen diren kasuak artatzera eta zerbitzu berri honen ebaluazio eta jarraipen sistematikoa egitera, aurrera begira hobekuntzak proposatzeko.

5) Errenteriako LGTBI+ pertsona eta mugimenduaren memoria jasoko duen Koldo Mitxelena Beka irabazi duen ikerlari taldearen lanaren jarraipena eta bidelaguntza antolatzera.

6) Madalen jaien testuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko sentiberatze kanpainan eta protokoloan LGTBI+ pertsonen errealitatea kontuan hartzera.

7) LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatu nahian, ekainaren 28an Udaletxeko balkoian ortzadarraren eta trans harrotasunaren ikurriñak jartzera, egun osoz.

8) LGTBI+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzera eta herritarrak deialdi hauetara gonbidatzera.