Madalenetako egitaraua aurkeztu dute gaur korporazioko kideek

2023ko Madalenetako programaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, hilak 11, Herriko plazan, udal ordezkariek.

Hasteko, Aizpea Otaegi alkateak “Madalenak gozatzeko eta ongi pasatzeko urteko egun gorenak” direla adierazi du baina ez hori bakarrik: “Komunitatea birsortzeko ezinbesteko hitzordua dira; herri gisa garena ospatu eta gure arteko harremanak berregin eta indartzeko egunak dira”.

Era berean, Madalenak hiru baliorekin hertsiki lotuta daudela nabarmendu nahi izan du: “Alde batetik partaidetza, Jai Batzordearen, herriko pertsona eta eragile asko eta askoren partaidetzarik gabe ez dagoelako horrelako programazio anitza eta askotarikoa osatzerik. Bestetik, konpromisoak toki berezia izaten du jai hauetan ere. Madalen hauetan omentzeko aukeratuak izan diren herriko Gurutze Gorriaren lantaldea eta Juneren Hegoak konpromiso horren adibide garbia dira. Gure jendarteko pertsona eta kolektibo zaurgarrienen alde eta euren bizitzaren une jakinetan komunitatearen laguntza behar dutenen alde egiten duten lanari aitortza kolektiboa da izango duten omenaldia”.

Azkenik, hirugarren balioa nabarmendu nahi izan du: zaintza. “Bakoitzak maite duena eginez eta maite dituenekin, berdintasunean eta aniztasunean gozatutako festak nahi ditugu. Begi bat norberaren gozamenean eta bestea ingurukoenean jarrita. Eraso sexistak, LGTBIfoboak, sexu erasoak, arrazistak edota bestelako desberdinkeria eta boterekeriatan oinarritutako erasoek inolako tokirik izango ez duten jaiak nahi ditugu eta hori guztion ardura da”.

Halaber, alkateak azpimarratu du erasorik gabeko jaien alde lanean ari direla eta horretarako hainbat ekimen jarriko dituztela martxan. Horien berri datozen egunetan emango dutela aurreratu du.

Bere aldetik, Maite Gartzia Kultura zinegotziak Jai Batzordearen eginkizuna azpimarratu du. Elkarte ugari aritu da aurten ere lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzeko ardura Udalarekin elkarbanatuz.

Txupinaren jaurtiketa une berezia izaten herritarrontzat eta horrela izan dadin, denon txupinazoaren aldeko deialdia egin nahi dela jakinarazi du: uztailaren 21a, 19:00etan, Herriko plaza adin guztietako lagunen topagune izango da.

Hori, baina, ez da izango txupinazoa bizitzeko aukera bakarra, Mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa eta Zumardian jarritako pantaila erraldoia ere izango dira. Era berean, Herri Bizia webgunearen bitartez ikusi ahal izango da.

Agerraldian, aurtengo musika programazio zabala nabarmendu du eta horren harira egindako kartela erakutsi du.

Programa, paperean eta digitalean

Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Hilaren, 12an egingo dute banaketa 10:00etatik 13:00etara udaletxeko arkupetan.

Baina Herriko plazako arkupeak ez dira izango programa jasotzeko leku bakarra: Lekuona Fabrikan, Galtzaraborda, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute.

Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak helbidean izango da egitarau osoa.

Azkenik, herritarrei gonbita luzatu die Gartziak, jaiak nola bizi dituzten partekatu nahi badute #Madalenak2023 traola erabiltzeko, sare sozialetan argazkiak, txioak… sareratzerako orduan. Madalenen kontakizun kolektiboa egin ahal izango da modu horretan.