Establezimenduen eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa bultzatzeko dirulaguntza deialdi berria jarri du abian Udalak

Errenteriako merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan TicketBai sistema ezartzeko, digitalizaziorako eta trantsizio ekologikorako iazko dirulaguntzaren esperientzia positiboa ikusita, Udalak aurten berriro martxan jartzea erabaki du. Deialdia herriko eragile ekonomikoekin landu eta 200.000 euroko hasierako aurrekontua izango du.

Hiri-ekonomia osatzen duten sektoreek azken urteotan abiatu dituzten planetan ―hala nola Merkataritza Berrindartzeko Plan Berezia (PERCO), eta Errenteriako Ostalaritzaren Plan Estrategikoa― aukera gisa identifikatu dute digitalizazioa, salmenta-kanalak zabaltzeko eta erosle gazteagoengana iristeko.

Jasangarritasuna ere funtsezko elementua da. Hala, gaur egun, hiri-ekonomiari zuzenean eragiten dioten gaiak dira energia aurreztea, banaketa jasangarria, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatzea, eta, zalantzarik gabe, gero eta garrantzi handiagoa hartuko dute datozen urteetan.

Ildo horretan, gaur egungo testuinguruak estrategiak bizkortu beharra ekarri du, merkataritzaren dinamismoari eusteko eta hiri-ekonomiari tresnak emateko, birmoldaketa bati ekin diezaion, jasangarriagoa, eta eskari berrietara egokituagoa.

2022ko esperientziaren jarraipena

Iaz 171 merkatari, ostalari eta profesional lagundu zituen Udalak inbertsioak egiteko, eta orotara 230.000€ banatu zituen. Esperientzia horri jarraipena ematea aproposa da, eraldaketa hauek garapen eta hobekuntza maila berri batera eramateko.

Negozio bakar bat ere ez atzean

Jarduera ekonomikoari eustea garrantzitsua da auzoak bizirik mantentzeko. Hor daude negozioetako errelebo falta, merkataritza digitalaren gorakada eta TicketBAI sistemaren ezarpena, eta halakoen aurrean, Errenteriako Udalak eta Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Kontseiluko ordezkariek beharrezkotzat jo dute neurriak hartzea negozioei laguntzeko birmoldaketa digital eta jasangarriago bat egiteko bidean. Ibilbide horretan, ahalegin berezia egin behar da digitalizazio-maila txikia dutelako ahulenak direnekin, edo bide-orri bat behar dutenekin negozioan ingurumen-neurriak aplikatu ahal izateko epe ertainean.

Enpresa bakoitzeko 5.000 € arte

Dirulaguntza hauek antzeko beste dirulaguntza batzuk osatuko dituzte eta Errenteriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetako enpresek eskatu ahal izango dituzte. Era berean, taxilariek, salmenta ibiltarian aritzen direnek eta beren ekoizpenak zuzenean saltzen dituzten tokiko ekoizleek ere aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.

Negozio bakoitzeko gehienez 1.500 € bideratuko dira TicketBAI-aren ezarpenerako, beste 1.500€ eraldaketa digitala bultzatzeko, eta 3.500 € trantsizio ekologikorako ekintzetarako. Eskabide bakarra aurkeztu ahal izango da, bertan 3 atal hauek jaso beharko direlarik, eta, gehienez ere, 5.000 € emango dira negozio bakoitzeko.

Diruz lagunduko dira 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egindako gastuak.

Eskaerak dagoeneko aurkeztu daitezke, 2023ko azaroaren 17a arte.

Oinarriak eta eskaera orria esteka honetan eskura daitezke.

Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki hauetara dei dezakete interesdunek: 010 eta 943 449 600.