Errenteriako Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin lankidetzan, martxan ditu 78 lan-kontratu sustatzeko programak

Argazkian, ezkerretik eskubira: Alazne Korta, Giza Baliabideetako zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Patxi Arrazola, Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Sailaren zuzendaria

• Eskaintzak Lanbideren bidez kudeatzen direnez, bertan enplegu-eskatzaile gisa alta ematera eta/edo datuak eguneratzera gonbidatzen ditu Udalak interesdunak, Lanbiden egiaztatutako esperientzia baloratuko baita

• Langabetu-kopurua jaisteaz haratago, planek helburu hauek dituzte: Errenterian bertan zein eskualdean enplegua sustatzea; langabetuei lan-merkatura sartzen laguntzea; eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea

Errenteriako Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera lanean jarraitzen du enplegu plan eta lan lerro ezberdinak martxan jarriz Errenteria eta bailarako kontratazioak bultzatzeko.

Horien aurkezpenean parte hartu dute Aizpea Otaegi alkateak, Alazne Korta Giza Baliabideetako zinegotziak, eta Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu Sailaren zuzendariak.

Alkateak adierazi du langabeziari dagokionez azken urte luzeetako daturik hoberenetan dagoela eskualdea, eta hori balioan jarri nahi izan du, izan ere, jarraitu du, “uste dut eskualdeko kohesioari buruz hitz egiten duen datua dela eta horren atzean lan handia dago; elkarlan instituzional handia eta Garapen Agentziak egiten duen lana enplegua sustatzeko. 2023ko ekainean Oarsoaldean 8,67ko langabezia tasa zegoen, Estatuaren eta Erkidegoaren bataz bestekoaren azpitik, eta uste dut gurea bezalako eskualde batentzat, historikoki langabezia tasa handiak bizi izan dituena, azpimarratzeko moduko datua dela. Hala ere, iruditzen zaigu enplegua sustatzen jarraitu behar dela eta batez ere zailen daukatenei lagundu behar zaiela lan merkatuan txertatzen”.

Bultzada hau emateko hainbat deialdi eta dirulaguntza ari dira garatzen aurten ere: enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzak, gazteak kontratatzeko dirulaguntzak, administrazio publikoetan lehen esperientzia izateko programa eta, Auzolan Industria, Auzolan Balioanitza eta Beraun Auzolanean.

Langabetu-kopurua jaisteaz haratago, aipatu planek hiru helburu zehatz dituzte: Errenterian bertan zein eskualdean enplegua sustatzea; langabetuei lan-merkatura sartzen laguntzea; eta, azkenik, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea.

Hauek dira martxan jartzen ari diren programak:

Plan orokorra edo Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen deialdia

Plan honen baitan Errenteriako Udalak 28 lanpostu sustatu ditu.

Hauek dira deialdi honetan bilatutako profilak: 2 peoi elektrikari, brigadako 2 peoi, arotzeriako ofizial bat, arotzeriako peoi bat, igeltsero ofizial bat, igeltserotzako peoi bat, iturgintzako ofizial bat, errementaritzako ofizial bat, errementaritzako peoi bat, 2 pinturako ofizial, lorezaintzako ofizial bat, lorezaintzako peoi bat, garbitzaile bat eta 12 administrari laguntzaile.

Hiri Mantenimenduko departamentuari laguntza emango dioten lanpostuen lan-eskaintzak urriaren 9ra arte egongo dira argitaratuta https://lanbide.eus web orrian, eta administrari laguntzaileen lanpostuak urriaren amaierara arte.

Gazteak kontratatzeko EGF PLUS laguntza eta Administrazio Publikoan Lehen Esperientzia programa

Gazteen langabeziaren eta jarduerarik ezaren maila altuak ikusita, bi programa horien helburua da ikasketak amaitu ondoren edo lanik gabe geratu ondoren gazte langabeen enplegagarritasuna hobetzea.

Kualifikatutako gazteak lan-merkatuan sartzea sustatu nahi da, hainbat dimentsiotako zeharkako ekintzen bidez, haien garapen profesional eta pertsonalerako beharrezko kualifikazioa, gaitasunak eta esperientziak eskuratzeko.

Modu berezituan martxan jarri diren lerro hauek 30 urte azpiko gazteei daude zuzenduta.

EGF PLUS ekimenak 10 lanpostu berri abiaraztea aurreikusten du: komunikazioko 2 teknikari, 2 digitalizatzaile, aholkulari juridiko bat, informatikari bat, teknikari ekonomiko bat, dinamizatzaile bat eta 2 elektrikari ofizial.

Bestalde, administrazio publikoetan lehen esperientzia izateko programa, Next Generation funts komunitarioak finantzatua, 30 urtetik beherako gazte kualifikatuei zuzenduta dago, eta urtebeteko prestakuntza-kontratuak egitea ahalbidetzen du, eremu publikoan esperientzia lortzeko.

Programa horren barruan, dagoeneko 3 kontratazio egin dira joan den ekainean, 2 administrari eta Hezkuntza eta Gazteria teknikari bat, eta 6 lanpostu kualifikatu berri bultzatuko dira, datozen hilabeteetan iragarriko direnak.

16 izango dira, beraz, gazteei zuzendutako lan-kontratu berriak.

Kolektibo zaurgarriei zuzendutako programak

Programa hauek pertsona zaurgarriak gizarteratzea eta laneratzea dute helburu.
Aurten, Errenteriako Udalak, eskualdeko beste 3 udalekin elkarlanean eta Oarsoaldea garapen Agentziaren bidez, Lanbidek diruz lagundutako 3 programa jarri ditu martxan, AUZOLAN INDUSTRIA, AUZOLAN BALIOANITZA eta BERAUN AUZOLENAN hain zuzen ere. Hauen bidez, egoera zaurgarrian zeuden 31 pertsona formatu eta kontratatu dira, interes sozialeko lanak egiteko.

Lanbiden izena emateko deia

Programak progresiboki garatuko dira, gehienak Lanbideren bitartez. Beraz, Udalak prozesuetan parte hartu nahi duten pertsonak gonbidatzen ditu Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa alta ematera eta/edo informazioa eguneratzera, aipatu enplegu-zerbitzu egiaztatutako esperientzia baloratuko baita.