Aurrekontu handiagoa, erronka handiei erantzuteko

2024. urterako udal aurrekontu proposamena aurkeztu du Errenteriako Udal Gobernuak. 66,3 milioiko aurrekontua izango da, iazkoa baino % 5 handiagoa. Aurrekontu hauek bost erronka handiri erantzuteko baliatu nahi ditu Udal Gobernuak.

Aizpea Otaegi Alkateak, Eneko Del Amo Ogasun eta Hirigintza zinegotziak eta Maite Gartzia alkateordeak 2024. urterako aurrekontu proposamena aurkeztu dute. 66,3 milioi euroko aurrekontua da, iazkoa baino % 5 handiagoa, azken urteotako goranzko joerari jarraituz. Alkateak azpimarratu du, aurrekontuaren igoeraren arrazoi nagusietako bat, foru funtsaren igoera eta dirulaguntza berriak lortu izana dela. Hain justu foru funtsaren sarrerak % 6,7 hazi dira . Dirulaguntzetako sarrerak, berriz, % 11 hazi dira eta udalaren “kudeaketa gaitasuna eta anbizioa” erakusten dituela adierazi du alkateak.

Diru-sarrerak handitzearekin batera, sailen aurrekontuak ere handitu egin dira. Hala ere jaitsiera nabarmena izan du Ogasun sailak. Jaitsiera hau udalaren “egoera finantzario onarekin” lotuta dagoela adierazi du alkateak, izan ere, udalaren zorra txikiagoa baita eta jaitsiera interes gutxiago ordaindu behar izatearen ondorioa baita.

Aurrekontu handiagoa, erronka handiak lantzeko

Aurrekontu hauen bidez bost erronka handiri erantzun nahi die Udal Gobernuak. Tokiko ekonomia sendotzea, gizarte babesa indartzea, trantsizio ekologikoan jauzi bat ematea, hiria berritzeko proiektuak garatzea eta kultura hedatzea.

Tokiko ekonomia sendotzeko orain arteko politikak indartu nahi ditu udalak eta horretarako % 11 hazi da garapen ekonomikorako aurrekontua, 1,4 milioi eurokoa izango delarik orotara. Aizpea Otaegiren hitzetan “estrategikoa da tokiko ekonomia sendotu, aurrean ditugun eraldaketetara egokitu eta proiektu ekonomiko berriak sustatzea”. Horrez gain, enplegu bat aurkitzeko garaian zaurgarrien diren kolektibo eta pertsonen enpleguratzeko politika publikoak ere sendotuko dira enplegu planen bidez. Orotara 60 kontratu berri sortzea aurreikusten da 1.278.400€roko inbertsioaren bidez, iaz baino % 42 handitu delarik udalaren inbertsioa kontatuen iraupena luzatzearen ondorioz.

“Gizarte babesa indartzeko apustua” ere egin du Udal Gobernuak, “inflazioak familiak gogor kolpatu dituen garai honetan”. Horretarako gizarte zerbitzuetako aurrekontua % 4 hazi da, azken urteetako goranzko joerari jarraituz. Laguntzetara bideratutako partidak handitzeaz gainera, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituzte 2024ean, gizarte bazterketa ekidin eta herri kohesionatuago bat eraikitzeko. Azpimarragarrienak hautatua ez den adinekoen bakardadeari aurre egiteko estrategiaren hedapena eta gazteen osasun mentalaren zein menpekotasunen inguruko programen lanketak dira.

Trantsizio ekologikoa bizkortzeko berriz, energia berriztagarrietan inbertsioak % 52 haziko dira, 330.000€ko aurrekontuarekin. Horrekin batera azpimarragarriak dira, Oiartzun ibaira 0 isuri helburua lortzeko bidean ur zikloa hobetzeko egingo diren inbertsioak (550.000€) eta garraio publikoaren sustapenean egingo den % 42ko aurrekontu igoera, zeinak herritarrentzat garraio publikoaren prezioetan hobariak mantentzea eta lineak hobetzea ekarriko duen.

Hiria berritzeko proiektuetan ere aurrekontuan partida garrantzitsuak jaso dira. Hala nola Barandiaran parkea eraikitzen hasteko 1.000.000€, Iztieta-Ondartxoko Hiltegia birgaitzeko 800.000€, Beraun Kaleko berrurbanizazio proiektua amaitzeko 800.000€, Alabergako auzo-bihotza sustatzeko 300.000€ eta Olibeteko aparkalekuak eraikitzen hasteko 550.000€.
Kulturan ere aipagarria da orain arteko lan lerroak sendotzeko egingo den apustua, horretarako % 10eko aurrekontu igoera egingo delarik.

Zerbitzu publikoak indartu

Zehar lerro moduan, erronka handiei erantzuteaz gain, aurrekontu hauen bidez udal zerbitzu publikoak sendotzeko apustua egiten da, egonkortasun-prozesuen bidez lanpostuak egonkortu eta lan baldintzak hobetzen direlarik. Horrez gain, udala auzoetara gerturatzen jarraitzeko inbertsioak ere aurreikusten ditu, bereziki, Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak eta Alaberga auzoei zerbitzua emango dien Aldakoenea Auzo-Etxe berria martxan jartzea.

Akordioak lortzeko borondatea

Behin Udal Gobernuak aurrekontuen proposamena aurkeztuta, oposizioaren ekarpenak jasotzeko tartea zabalduko da orain. Otaegiren hitzetan, “oposizioaren ekarpenak entzun eta akordioetara iristeko borondatea” du Udal Gobernuak. Gainera, erronka handi hauei erantzuteko premia, herritar eta eragile gehienen artean “partekatua” dela uste du.