Udal Gobernuak agintaldi planaren aurkezpenera gonbidatu nahi ditu herritarrak

Azaroaren 24an, Agustinak eraikin berrian, datozen lau urteetarako proiektuak eta erronkak aurkeztuko ditu Udal Gobernuak arratsaldeko 18:00etan. Hilabeteetako lanaren emaitza herritarrekin partekatu nahi dute, plana bera herritarrekin eurekin garatzeko ondoren. Horretarako, aukezpenera gonbidatu eta izena emateko eskatu die herritarrei hurrengo helbidean: https://errenteria.eus/agintaldi-ekitaldia/

Hurrengo ostiralean, azaroaren 24an, lehenengo aldiz herritarrei ateak irekiko dizkie Agustinak eraikin berriak. Izan ere, Udal Gobernuak eraikin eraberritu hau aukeratu du, datozen lau urteetarako agintaldi plana herritar eta eragileekin partekatzeko. Azken hilabeteetan plan hau osatzeko lanean murgilduta egon da udal taldea. Lehenik, gobernu kideen artean plana adostu eta ondoren, udal langileekin batera lurreratu eta zehaztu dute.

60 proiektu inguru jasotzen ditu planak eta aurreko agintaldian bezala, oraingo honetan ere, udal jardunaren iparrorratza izango da. Planean jasotako proiektuak, ordea, herritarrekin eta eragileekin batera garatu nahi ditu Udal Gobernuak. Horregatik, herritarrei dei egin die datorren ostiralean arratsaldeko 18:00etan egingo den aurkezpen irekian parte hartzera. Ekitaldia bera egoki antolatzeko aurrez izena emateko eskatu die herritarrei hurrengo helbidean: https://errenteria.eus/agintaldi-ekitaldia/

Agustinak eraikina ezagutzeko aukera

Kultur eta sormen industrien poloa izango den Agustinak eraikina eraberritzeko lanak amaitu eta agintaldi plana bertan aurkeztuko dela baliatuta, eraikina ezagutzeko eta bisitatzeko aukera ireki du udalak. Horregatik arratsaldeko 17:15etatik 18:00etara eraikin berria ezagutu ahal izateko ate irekiak egingo dira. Ate ireki hauetan parte hartzeko ez da izena eman beharrik, bai ordea agintaldi planaren aurkezpenean parte hartzeko.