Udalak harrera instituzionala egin dio Giza-Eskubideen Defendatzaileen Foru Ibiltariari

Mundubat fundazioak sustatutako Giza-Eskubideen Defendatzaileen Foru Ibiltariari harrera egin zion Errenteriako Udalak pasa den astean. Honduraseko Tommy Morales eta Kolonbiako Stanler López defendatzaileak alkatearekin eta gobernu taldeko ordezkariekin bildu ziren udaletxeko Pleno Aretoan.

Errenteriako Udalaren izenean, Aizpea Otaegi alkatea, Maite Gartzia (Elkarrekin Podemos), Bernar Lemos (EH Bildu), Almudena de la Torre (PSEE) eta Elixabete Murua (EAJ) zinegotziak izan ziren atzerritik etorritako giza-eskubideen defendatzaileekin. Harreran, besteak beste, ekimenaren aurkezpena egin eta elkarlanerako aukerak aztertu zituzten.

Ekitaldian Tommy Morales eta Stanler López giza eskubideen defendatzaileak hartu zuten parte. Lehena Honduraseko kazetaria da, baina egun Katalunian errefuxiatua dago. Asociación por la Democracia y los Derechos Humanos (ASOPODEHU) eta Mesoamericanas en Resistencia por una Vida Digna en Hondauras (MER-H) erakundeetako kidea da Morales.

Stanler López, berriz, Kolonbiako Nekazaritza Koordinatzaile Nazionaleko kidea da 2014tik. El Chocó departamentukoa da López, azken urteetan ELN eta Autodefensas Gaitanistas de Colombia (AGC) talde paramilitarren arteko gatazkaren erdigunean dagoena.

Herri Babesarea giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea da. Bertan, Euskadiko zenbait udalek parte hartzen dute, horien artean hastapenetatik Errenteriako Udalak. Besteak bestek, udal-administrazioen, gizarte-erakundeen eta Hegoalde Globaleko giza eskubideen defentsarako defendatzaileen ahaleginak koordintazen ditu egitasmoak.

Horren baitan, Mundubat Fundazioak Herri Babesarea Foro Ibiltaria (HBS) deituriko bira jarri du martxan bosgarren urtez. Edizio honetan, Euskadiko 10 udalerriko herritarrek munduko hainbat tokitako giza defendatzaileen errealitatea eta testuingurua ezagutzeko aukera izan dute. Ekimenaren baitan hainbat gairen inguruko sentsibilizazio-, eragin- eta komunikazio-jarduerak egin dituzte, hala nola lurra eta ingurumena, elikadura-burujabetza, bakea edo LGTBIQ+ komunitateari buruzkoak.