Herri hobea eraikitzen jarraitzeko agintaldi plana aurkeztu du udal gobernuak

Agustinak eraikin eraberritua txiki geratu da 2023-2027 agintaldirako planaren aurkezpenerako. 62 proiektuz osaturiko plana aurkeztu dute Udal Gobernuko kideek. “Herri hobea eraikitzen jarraitzeko bide orria” euren esanetan.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia eta Aitor Zorzano gobernu kideek dozenaka pertsona eta eragileren aurrean datozen lau urteetarako bide orria izango den agintaldirako plana aurkeztu dute. “Hobeto bizitzea eta gure sentituko dugun herri partekatu bat eraikitzea eskutik doaz” adierazi du Otaegik. “Elkarrekin osatzen dugun komunitatea, gure arteko eguneroko elkarbizitza, ez da berez sortzen”, gaineratu du. Eta horretarako baldintzak sortzearen beharra azpimarratu du, “guztiontzako oinarrizko bizi-baldintzak bermatzetik, komunitatearekiko atxikimendu edo pertenentzia sentitzera”.

Logika hori lurreratu eta zazpi erronkei erantzuteko proiektuak aurkeztu dituzte jarraian, Gartziak eta Zorzanok. Herri zaintzaileagoa, berdinzaleagoa, inklusiboagoa, kohesionatuagoa, jasangarriagoa, parte hartzaileagoa eta auzo biziagoak lortzea, horiek dira datozen lau urteetarako agintaldi planean jasotako lan lerro nagusiak.

Guztira 62 proiektuz osatuta badago ere plana, aurkezpenean 20 inguru azaldu dituzte. Euren esanetan “proiektu esanguratsuenak” izango direnak. Azaldutakoen artean, Fini Rubio adinekoentzako egoitza berritzailea martxan jartzea, indarkeria matxistaren ardura izango duten ageteen figura sortzea udaltzaingoan, etxebizitzaren eskubidea bermatzeko garatuko diren politikak, Beraungo Piszinetan urte osorako barruko kirol eremu berri bat sortzea, Barandiaran parkea eraikitzea, Galtzaraborda biziberritzeko plana aktibatzea daude besteak beste.

Proiektu zehatzak azaltzearekin batera, Otaegik, proiektu horiek nola aurrera eraman nahi dituzten ere azaldu du. “Zer egitea bezain garrantzitsua da, nola egin ere argi izatea”. Horregatik, orain arte bezala, bide hau “herritar eta eragileekin elkarlanean” egin nahi dutela adierazi udal gobernuak, “elkarguneak ez dira faltako”. Gainera agintaldi plana aurrera eramateko, hiru ardatzetan oinarritu dute gobernatzeko modua. Gertutasunez lan egitea, eraginkorrak izatea eta errealitatea eraldatzeko gaitasuna izatea.