Gazteen bono kanpainaren balantze ona egin dute Udalak eta sektoreko eragileek

2023ko irailean tokiko ehun ekonomikoa indartzeko 5. bonu kanpaina abian jarri zuen Errenteriako Udalak sektoreko eragileekin elkarlanean. Bostgarren kanpaina honek berritasun garrantzitsu bat izan du, 18-35 urte arteko herritarrei zuzendu zaie, gazteen kontsumo ohituretan eragiteko asmoarekin, Errenteriako Merkataritza Suspertzeko Plan Berezian (MSPB) jaso bezala.

Horretarako, bost euroko hamarna bonu helarazi zitzaizkion postaz udalerriko 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzari. Bonu bakoitzarekin 10€-ko edo gehiagoko erosketatan 5€-ko hobaria eskura zitekeen. Guztira 350.000 euro bideratu ditu Udalak bono kanpainara.

Datuei erreparatuz, kanpainarako jaulkitako bonoen %63a erabili da, 44.017 bono zehazki, 2022koaren antzeko erabilera ehunekoa lortu delarik. Bonoen erabileraren inguruko beste datuei erreparatzen badiegu, auzokako banaketa aurreko edizioen oso antzekoa izan da. Sektore ekonomikoen artean, berriz, ostalaritzaren arloko negozioetan egindako erabilerak %4 egin du gora, bereziki gastronomiara bideratutako negozioetan.

Zehazki 200 negozio atxikitu dira programara eta horietatik 19 establezimendu aurreko edizioetan atxikitu gabekoak izan dira. Horrela aurtengo berrikuntzaren bidez, programaren eragina eremu berrietara zabaldu da.

Gazteen erosketa ohituretan eragitea

2023ko urtarrilean “Gazteen kontsumo ohituren analisia” egin zen Merkataritza eta Ostalaritzaren Aholku Kontseiluaren proposamenez. Azterketa horretan ondorioztautako zenbait tendentzia aldatzeko asmoarekin 2023ko bono kanpaina gazteei soilik zuzentzea erabaki zen Aholku Kontseiluan.

Izan ere, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak gazteei ezagutzera eman eta euren erosketa ohituretan eragitea beharrezkoa zela ondorioztatu zen.

Horretarako, bonoen berri emateko gazteen komunikazio eremu naturaletan ere kanpaina indartzeko ekintza komunikatibo zehatzak egin dira, horietan ehun ekonomikoko ordezkariek modu zuzenean parte hartu dutelarik.