Osasun sailburuarekin bilera egin dute alkateak eta udal gobernuko bi kidek Iztietako anbulatorioaren egoera aztertzeko

2024ko urtarrilaren 30eko udalbatzaren ohiko bilkuran auzo elkarteek (Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi, Zamalbide, Alaberga, Oiarso Erdigunea, Iztieta, Gaztaño, Gabierrota eta Agustinak), mugimendu feministarekin, Bilgune Feministarekin eta Duintasuna pentsiodunen elkartearekin batera Iztietako anbulatorioan lehen mailako arreta defendatzeari buruzko mozioa aurkeztu zuten. Mozio hori udalbatzaren babes zabalarekin onartu zen, 18 aldeko botorekin (ORERETA / ERRENTERIAKO EH BILDU, Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak, ELKARREKIN ERRENTERIA Podemos, Ezker Anitza-IU, Alianza Verde, eta PP ERRENTERIA) eta 3 abstentziorekin (EAJ-PNV).

Mozioaren 5. puntuan honakoa onartu zen: “Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du arazo hau konpontzen lagun dezaketen kudeaketak egiteko, bai eta mozio honetan hartutako erabakiak Eusko Jaurlaritzari eta Osasun sailburuari bidaltzeko ere.” Konpromiso horri erantzunez, eta urtarrilaren 9an igorritako gutunari Osasun Sailetik erantzunik ez zutela igorri ikusita, Aizpea Otaegi alkateak urtarrilaren 30eko udalbatzan onartutako mozioaren berri emateko bigarren gutun bat igorri zion Gotzone Sagardui Osasun sailburuari.

Osasun sailburuaren erantzuna

Otsailaren 21ean erantzun zion sailburuak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren berri ematen zion gutunari. Honakoa adieraziz:

“Errenteriako Udalak urtarrilaren 30eko osoko bilkuran lehen mailako arretaren egoera dela-eta hartutako erabakiaren harira, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu”.

Gaitzespen hori bi arrazoiren gainean oinarritzen du sailburuak:

“Segurutzat jotzen da lehen mailako arretak dituen zailtasunak bilakaera probokatu eta interesatu baten emaitza direla; eta hori guztiz faltsua da.”

Bigarren arrazoian berriz lehen mailako arretako zailtasunen jatorriari egiten dio erreferentzia. Medikuntzako profesionalen falta aipatzen du eta Estatuko Gobernuari egiten dio erreferentzia:

“Estatuko Gobernuak, gaian eskumena duenak, ez zuela aurreikusi gaur egun erretiroa hartzen ari direnen lanpostuak betetzeko beharko liratekeen profesionalen kopurua”.

Azkenik Familia eta Komunitateko Medikuntzako espezialistentzako plazak erakargarriagoak izan daitezen hartutako zenbait neurriri egiten die erreferentzia gutunean.

Sailburuarekin bilera gaur

Osasun Sailburuarekin bilera egin dute gaur Udal Gobernuko ordezkariek. Aizpea Otaegi Alkatea eta Bernar Lemos eta Maite Gartzia lehen eta bigarren alkateordeak Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin elkartu dira gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Osasun Delegaritzan, Bilbon. Osasun sailburua, igorritako gutunean adierazitakoetan berretsi da. Gobernu taldeko ordezkariek Iztietako anbulategiko egoera hobetzeko konpromisoak eskatu badizkiote ere, sailburuak ez du konpromiso zehatzik hartu, horretarako ahalmenik ez duela adierazita. Iztietako anbulategiko egoera Osakidetzako bakanteak osatzeko martxan dauden neurrien menpe geratzen da horrela.