Herritarrek parte hartzeaz eta gobernantzaz duten iritzia jaso nahi du Errenteriako Udalak

Herritarrekin dituen harremanen eta hauei eskaintzen dizkien zerbitzuen inguruko azterketa bat egiten ari da Errenteriako Udala. Instituzioa eta herritarrak gerturatu asmoz heldu dio ekimen honi, eta besteak beste herritarrek erantzuteko inkesta prestatu du. Hori dela eta, udal arduradunek herritar guztiak animatu nahi dituzte galdetegia erantzutera.

Hamabi galdera dituen inkesta sarean zein paperean bete ahal izango da. Izan ere, udalak ahalik eta jende gehienaren iritziak eta ekarpenak bildu nahi baititu.

Hori dela eta, inkesta https://errenteria.eus/eloge helbidean bete ahal izango da, eta paperean ere eskuratu ahal izango da Udaletxeko zein Aldakoeneako ZU! Zerbitzuetan, eta behin beteta bertan utzi ahal izango da.

Espero izatekoa den moduan, parte hartzea borondatezkoa da, eta inkesta betetzen duenak emango duen informazio guztia modu anonimoan erabiliko da, hau da, erantzun indibidualak ezingo dira identifikatu. Prozesua amaitutakoan, udalaren webgunean argitaratuko dira emaitzak.

Inkesta betetzeko epea gaur hasi da eta maiatzaren 8an bukatuko da, biak barne.

Gobernantza partekatua, nazioarteko estandarretan

Errenteriak herri gisa dituen erronkei erantzuteko ezinbestekoa da herritar, eragile antolatu eta udalaren arteko lankidetzan sakontzea. Gauzatzen diren politikak bezain garrantzitsua delako politika horiek nola eta norekin egiten diren.

Hori dela-eta azterketa honen bidez gobernantza partekatuago baterako aukera eta beharrak identifikatuko ditu udalak. Izan ere, aipatu helburuak erdiesteko gobernantza partekatua baita biderik egokiena.

Era berean, agintaldi planeko helburuetako bat da herri parte hartzaileagoa izatea. Horretarako, ordea, udalak tresna eta baliabideak jarri behar ditu herritarren parte hartzea sustatzeko eta errazteko. Parte hartzeari begira herritarrek dituzten aukera eta beharrak ere identifikatu nahi ditu azterketa honen bidez.

Haatik, eta azterketaren norabidea eta emaitzak parekatu ahal izateko, udala tokiko mailako Berrikuntzaren eta Gobernantza Onaren Europako Zigilua lortzeko beharrezkoak diren azterketak egitea erabaki du. Izan ere, behaketa hori nazioarteko estandarren arabera egiten baita eta horren emaitzak alor horretako hobekuntzarako giltzarri izan baitaitezke.