Iztieta eta Altzate lotuko dituen zubi berriaren obrek afekzioak eragingo dituzte bihar hasi eta astelehena bitartean

Oiartzun ibaiaren gaineko metalezko zubi berriaren muntaketak, Iztieta pasealekua Irun kalearen parean eta Altzate lotuko duenak, oinezkoei eta ibilgailuei eragingo die bihar, maiatzaren 30ean, 00:01ean hasi eta astelehena, ekainaren 3a, 23:59 arte.

Zubi hori muntatzeko, 650 tonako garabi autopropultsatu bat jarri behar da. Zubiaren tamaina eta pisua direla eta, garabiak kontrapisu guztiak beharko ditu maniobra egiteko; beraz, kontrapisuak kamioiekin lekualdatu eta horiek muntatu beharko dira. Lehenik, garabia laneko kokalekuan jarri behar da, katuak banaketa-xaflen gainean zabaldu behar dira, eta, ondoren, kontrapisuak eta superlifta muntatu behar dira.

Lan horiek egiteko, Iztieta pasealekuko oinezkoen pasabidea moztuko da, Galiziako biribilgunetik garabia jarriko den punturaino. Atari eta lokaletarako sarbidea libre geratuko da.

Garabia kokatzeko ere, beharrezkoa da Irun eta Astigarraga kaleen arteko Iztieta pasealekuko tartean dauden aparkaleku-plazak erabiltzea, eta tarte horretan dauden edukiontziak mugituko dira.