Datorren astelehenean hasiko da udako denboraldia Fanderiako eta Beraungo udal-igerilekuetan

Datorren astelehenean, ekainaren 17an, hasiko da udako denboraldia Fanderiako eta Beraungo udal-igerilekuetan, eta irailaren 8ra arte luzatuko da bietan.

Errenteriako udal kirol instalazioetan abonaturik dauden bazkideek bi instalazio horietarako sarrera abonamenduaren barne dute. Era berean, instalazioetara sartu ahal izango da eguneko sarrerekin, 5 sarrerako bonuekin, eta udako denboraldian bi instalazioetara sartzeko aukera ematen duten bonu bereziekin.

2023 denboraldian, 28.148 pertsona sartu ziren Beraunera eta 57.704 Fanderiako igerilekuetara.

Beraungo igerilekuaren ordutegia

Beraungo igerilekua ordutegi honetan egongo da irekita: ekainaren 17tik abuztuaren 31ra (biak barne) 10:30etik 21:00etara, eta irailaren 1etik 8ra (biak barne) 10:30etik 20:30era. Uztailaren 22an instalazioa itxita egongo da herriko jaiak direla eta.

Aldaketak Fanderiako igerilekuan eta Galtzarabordako kiroldegian

Fanderiako igerilekuen ordutegia ere aldatu egiten da udan, eta 9:00etatik 22:00etara daude zabalik asteko egun guztietan, igande eta jai-egunetan barne.

Bestalde, Galtzarabordako Kiroldegiko igandeetako ordutegia 8:00etatik 14:00etara izango da ekainaren 17tik irailaren 8ra arte, biak barne.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Fanderiako instalazioetako (943 344 423) eta Beraungo Igerilekuetako (943 449 698) harreretan eska daiteke.