Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala ekainaren 28a, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

55 urte igaro dira New Yorkeko Stonewalleko gertaeretatik. Testuinguru hartan, lesbianak, gayak, bisexualak, trans eta trabestiak poliziaren etengabeko jazarpen eta xantaien aurka matxinatu ziren, eta, hala, data hori LGTBI+ borrokaren mugarri bihurtu. Gertaera horien ondorioz, nazioarteko mugimendua sortu zen, LGTBI+ pertsonen eskubideak onartzearen aldekoa, eta 1970etik ospatzen da efemeride hori.

Egun honek, ekainaren 28ak, aniztasunean bizi eta LGTBI+ pertsonen eskubideak urratuak izan ez daitezen gizarte toleranteagoak eraikitzen jarraitzearen garrantzia gogorarazten digu.

Horrek gogora ekarri behar digu LGTBI+ harrotasuna genero-aniztasuna errespetatzen duen gizarte askotariko baten alde mobilizatzen jarraitzeko jardunaldi bat dela, gorrotoa eta diskriminazioak desagerrarazteko gai dena, demokrazian eta haren eskubideetan sakontzen jarraitzeko.

Gogoratu behar da, halaber, 1979ko ekainaren 10ean, Stonewalleko gertakariak eta 10 urtera, Errenterian polizia batek Vicente Vadillo Santamaría Francis hil zuela Errenteriako diskoteka batean, bera zen bezalakoa izateagatik soilik. Ekainean zehar, LGTBI+ pertsona eta taldeak euskal kaleetara atera ziren, euren sexualitatea eta generoa askatasunez bizitzeko eskatuz. Horregatik, Francis-en omenez, ekainaren 10ean Errenterian egiten diren jardunaldiek, herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea helburu dutenek, “Francisaldia” izena hartzen dute.

Gertaera haietatik urte asko igaro diren arren, bizi garen testuinguruak agerian uzten du kolektiboek eta ekintzaileek urteetan zehar egindako borroka neketsuaren ondoren lortutako eskubideak hauskorrak direla, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea. Begi bistakoa da eskuin muturreko diskurtsoen gorakada, zeinek gero eta gehiago altxatzen baitute ahotsa zis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatzeko beharra aldarrikatzeko. Eta, horren ondorioz, eraso LGTBIfobikoen datuak gero eta handiagoak dira, “armairuak” bizitzako arlo guztietan jarraitzen du, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen dira eta, ondorioz, LGTBI+ pertsonen bizitzak arriskuan daude.

Ezinbestekoa da erakundeek politika publiko integralak eta sendoak ezartzea, ikuspegi feministan oinarritutako zerbitzuak eta babes kolektiboko eta autodefentsazko mekanismoak garatzea. Politika anekdotikoak alde batera uzteko unea da, egiturazkoak diren politiketan zentratzeko. Errenterian hori egiten ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, pertsona askoren artean eta elkarren arteko lankidetzan.

Horregatik guztiagatik, ekainaren 28an aitortu nahi dugu LGTBI+ kolektibo eta pertsona askoren borroka luzea eta ordainezina; izan ere, kolektibo eta pertsona horiek beren bizitza eta ahaleginak eman dituzte sexu-liberazioaren aldeko borrokaren alde, eta gaur egun ere antolatzen jarraitzen dute gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lan bat egiteko. Halaber, Errenteriako Udalak urteko egun guztietan LGTBI+ pertsonen eskubideekin duen konpromiso irmoa berretsi nahi du.

Gainera, Errenteriako Udalak erabateko berdintasuna, duintasuna eta sexu eta/edo genero identitatea askatasunez garatzeko eskubidearen defentsa garbia egiten du.

Era berean, gogorarazi nahi du gizakiok aske eta berdin jaiotzen garela duintasun eta eskubideetan, inolako bereizketarik gabe. LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira eta izango dira beti. Alde horretatik, beharrezkotzat jotzen da ehuntzea eta adostasun handiak lortzea, administrazioaren edozein mailatan sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako tratu diskriminatzailea debekatzeko eta ezabatzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen, legezkoak, administratiboak eta bestelakoak, eta, hala, indarrean dagoen legedia hobetzeko.

Azkenik, Errenteriako Udalak kezka berezia agertu du dokumentatutako LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeria kasuei dagokienez. Indarkeria horiek agerian uzten dute, oraindik ere, kriminalizazioa, eskubide-gabetzea eta legezko diskriminazioa, eta krimen horiek ez direla zigortzen pertsona homosexual, bisexual eta transexualei dagokienez.

Horregatik, Errenteriako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

1) 2022an onartutako ekintza-plana garatzea, LGTBI+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko, LGTBI+ Politiken Aholku Batzordearen eskutik.

2) Errenteriako Udalak gizartearekiko kontzientziazioa bultzatuko duten jarrerak eta politikak sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, jarrera LGTBIfobikoak eta jarrera horiek baztertuko dituen pentsamolde-aldaketa eraginkorra izan dadin; hala, LGTBI+ pertsonen sentsibilizazio- eta ahalduntze-kanpainen programazioarekin jarraitu eta tokiko LGTBI+ oroimenaren aldeko lanak edo indarkeria LGTBIfobikoaren aurkako jarduera-programak garatzeko konpromisoa hartzen du.

3) 2023an martxan jarri ditugun LGTBI+ pertsonen ahalduntze-dinamiketan sakontzea, eta gune horretara iristen diren kasu indibidual eta kolektiboei erantzuten jarraitzea.

4) Errenteriako LGTBI+ politiken Aholku Batzordearekin batera, LGTBIfobiaren aurkako behatoki bat garatzeko oinarriak ezartzea.

5) LGTBI+ pertsonen errealitatea txertatzea indarkeria matxistaren aurkako kanpainetan eta sentsibilizazio-protokoloan, Madalenak jaietan eta baita auzoetakoetan ere.

6) LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna indartzeko, ekainaren 28an udaletxeko balkoian ortzadar eta trans harrotasunaren bandera jarriko da, ekaina guztian zehar Kaputxinogainako biribilgunean dagoen banderaz gain.

7) Errenteriako Udalak dei egiten die herritarrei gure herri eta hirietako LGTBI+ eta mugimendu feministek deitutako ekintzetan parte hartzeko, eta sentsibilizazio- eta errebindikazio-ekintzekin bat egiteko, foro publikoetatik, komunikabideetatik edo sare sozialetatik, hau aniztasunaren aldeko borrokaren eguna dela ikustarazteko.