Igantziko igogailuaz eta auzoaren mugikortasunaz aritzeko Auzo Batzar berezia egongo da asteazken honetan

Asteazken honetan Auzo Batzar berezia egongo da Igantzin, bertan eraikiko den igogailuari eta auzoaren mugikortasunari buruz hitz egiteko.

Igogailu horren eraikuntza 2023-2027 Agintaldi Planean jasota dago, eta udal-arduradunek otsailaren 16an egin zen Auzo Batzarrean aurkeztu zuten proiektua, herriko auzo guztietan egin den bilera-txandaren barruan. Batzar horretan, Igantziko bizilagunek alkatearekin eta zinegotziekin partekatu zituzten proiektuaren inguruko iritziak eta kezkak. Hori kontuan hartuta, udal gobernu taldeak batzar monografiko bat antolatu du, Udaleko arduradunek Igantziko bizilagunekin batera igogailu berriaren kokapena lantzeko.

Bilera hori asteazken honetan, uztailaren 3an, arratsaldeko 18:00etan izango da Auzo Elkartean. Bertan parte hartuko dute Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo, Bernar Lemos eta Yolanda Martin zinegotziek.

Udalak batzar honetan parte hartzeko deia egin die Igantziko bizilagunei.