Errenteria Gipuzkoako ipar-ekialdean dago, Donostiatik 7 kilometrora. Mugakide ditu Pasaia eta Lezo iparraldean; Oiartzun, ekialdean; Goizueta eta Arano, hegoaldean; eta Astigarraga, Hernani zein Donostia mendebaldean.
Erroldako datuen arabera, 40.000 biztanle inguru bizi dira udalerriaren 3.194 ha-ko eremuan. Populazio horrek Gipuzkoako hirugarren herririk populatuena izatea eragiten du; azalera erreferentzia hartuta, berriz, hogeigarrena da.
Era berean, Errenteriak Oarsoaldea eskualdea osatzen du Lezorekin, Pasaiarekin eta Oiartzunekin batera. Lau herrien artean hainbat proiektu kudeatzen dituzte, nagusiki, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez. Bateratuta dituzten gaien artean, turismoaren kudeaketa dago, eta, hortaz, turismo bulegoak. Hizkuntza eta garapen ekonomikoa dira, esaterako, elkarlanerako esparruetako beste batzuk.