Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

2001eko azaroaren 2an Aniztasun Kulturalari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala onartua izan zen aho batez, kulturen arteko elkarrizketa bakearen bermerik onena delako uste osoarekin. Adierazpen horretan aniztasun kulturala “herritarron ondare amankomun”-tzat balioesteaz gain, elkarrizketa hitza jartzen zen erdigunean. Egungo testuinguruan, elkar eta hizketa terminoak bere horretan ulertzea garrantzitsua da. Ez baitago elkarrizketarik elkarturik ez bagaude, ez baitago hizketarik hizkuntza eta adierazteko modu ezberdinak ontzat ematen ez baditugu. Udalak saiakera berezia egin du azken urteotan elkar topo egiteko eta elkarrekintzarako espazioak sortzen: ezberdinen arteko ezagutza sustatzen dutenak, jakin-mina sorrarazten dutenak edota norberaren bestelakotasun bat garatzen eta ikusarazten dutenak.

2021eko kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatu nahi dugu orain arteko bidean sakontzen jarraituko dugula adierazteko eta gure herrian bizirik dirauten hizkuntza eta kultura guztien eta haien eramaile direnekiko aitortza egiteko. Errenteria guztiontzat bizileku kohesionatuagoa izan dadin, herrikideen bizi-baldintza duinak eta eskubide sozial eta politikoak errespetatzea bermatu behar dugu, bizikidetza linguistiko eta kulturala helburu.

Orain eta datozen urteetan, munduko kultura-hizkuntza guztietan arnasten diren balio unibertsalak ezagutzea eta konpartitzea beharrezkoa zaigun bezala, elkarrekiko babesa eta zaintza erdigunean jartzea dagokigu herri gisara. Soilik horrela egingo baitugu komunitate kohesionatu, bizi eta indartsu baterako bidea. Errenteriako Udalak norabide honetan jorratuko ditu kulturaniztasunari dagozkion politika publikoak.

Hori horrela, Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du:

• Bizikidetza linguistiko eta kulturalaren bidean herriko eragile ezberdinekin lanketa bateratuak garatzeko, nagusiki Elkarbizitzarako eta Gizarte Ekintzarako Udal Kontseilua baliatuz horretarako.

• Errenteriako herritar oro eskubide eta aukera guztien jabe izan dadin lanean jarraitzeko, herritarraren jatorria edo kultura edozein izanik ere, herrikide hauei herritartasun osoa aitortua izan dakien.

• Kultura ezberdinen arteko topaguneak sortzen jarraitzeko, kulturen artean sinergiak sorraraziz eta ekimen bateratuak sustatuz. Horretarako espazio esaguratsu izango dira Lekuona Fabrika edota Emakumeen Etxea.

• Hezkuntzaren esparruan herriko gazteenekin lanketak egiten jarraitzeko, Errenteria kulturaniztasunarekiko errespetuan hezteko ahaleginean.

• Errenteriako hizkuntzen aniztasuna balorean jartzen jarraitzeko, hizkuntza oro aitortuz eta ezberdinen arteko topaguneak sortuz. Eta datu kuantitatiboetan oinarrituko den aniztasun horren mapa osatzeko.

• Gure herriko aniztasun kultural eta linguistikoa bistaratzeko ekimenak burutzen jarraitzeko, aurten herriko sarrerako mastilean jarri den “aniztasunaren ikurriña” gisako ekimenak sustatuz.