Alkateak ikasleek aurkeztutako proposamenei erantzun die 2030 Agendako Eskola Udal Foroan

Herriko ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak Aizpea Otaegi alkatearekin bildu ziren abenduaren 5ean Udaletxeko Oso Bilkuran Eskola Udal Foroaren baitan. Eskola Agenda 2030 programaren parte den ekitaldi honetan, 2022-2023 ikasturtean aurkeztutako energiari buruzko proposamenei erantzun zien alkateak. Ikasleek, berriz, ikasturte honetarako prestatutako esku-hartze plana aurkeztu zuten.

Eskolako Agenda 2030 programak 16 urte bete ditu aurten. Iazko ikasturtean, lanketarako aukeratutako 7. Garapen Jasangarrirako Helburua (GJH) izan zen: Energia eskuragarri eta ez kutsatzailea. Ikastetxeetako eta herriko diagnostikoa egiteaz gain, ikasleek hainbat lehentasunezko ekintza aukeratu zuten. Besteak beste, eskolara oinez joatea, herriko puntu beltzetan argitasuna sartzea eta komunitate energetikoen mezua herritarren artean zabaltzea.

Aurten, esku-hartze plana jarri dute martxan, teoriatik praktikara joanez. Lehenik eta behin, ikastetxean proposamenak landu, eta ondoren, azaroaren 28an izandako Eskola arteko Foroan ideiak bateratu zituzten. Hartutako erabakiekin, herriko ikastetxeko ikasle ordezkariak Udaletxera hurbildu ziren pasa den asteartean alkatearekin biltzeko eta “Energia, bizitzaren motorra” izeneko gaia lantzeko.

Bi ikasturtetako zikloa martxan da, hemendik aurrera herriko haur eta gazteen parte-hartzea ekintza zehatzetan gauzatuko dena.