Datorren astean hasiko dira Gabierrota pasealekua berrurbanizatzeko lanak

Simulazioa

Aurtengo urtarrilean jarri zen abian Gabierrota pasealekua berrurbanizatzeko obren lizitazio-prozesua.

Behin prozesu hori ebatzita, berrurbanizatze-lanak datorren astean hasiko dira, eta 7 hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera.

Lan hauek Construcciones Moyua SLri esleitu zaizkio, 917.479,03 euroko zenbatekoan.

Pasealeku seguruagoa, egonlekuak eta berdeguneak irabaziko dituena

Gabierrota pasealekua Errenteriako oinezkoentzako gune garrantzitsuenetako bat da, 300 metro inguruko luzera eta hektarea erdiko azalerarekin.

Udalak, Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkartearekin eta Jesusen Bihotza egoitzako arduradunekin batera, pasealekuaren potentzialtasuna handitzeko proposamena landu du.

Esku-hartzeak, oro har, pasealeku erakargarri eta seguruagoa egin nahi du pertsonentzat, eta, aldi berean, dauden berdeguneak eta egoteko lekuak zabaldu.

Alde batetik, egun dagoen pasealekuko lurzorua berrituko da, eta zoladura berdinduko da, oinezkoentzako joan-etorrietan irisgarritasun eta erosotasun handiagoa izateko, hondoratutako egungo eremuak kenduta.

Bestalde, erdiko espazioa pasealekuaren zati gisa integratuko da, eta horretarako egun dituen jardinerak kenduko dira. Loreontzi horiek kentzearekin batera, berdeguneak % 36 handitzen dira, Jesusen Bihotza egoitzaren ondoko pasealekuaren erdialdea zuhaitzekin indartuz eta gaur egun daudenak errespetatuz.

Espazioak irabaziko dira pasealekuaren erdialdean eta Jesusen Bihotza egoitzaren kanpoaldean egoteko eta elkartzeko. Gainera, berrurbanizatu ondoren ekipamendu berriak jarriko dira, komun publiko bat eta espazio publiko horretaz gozatzeko eta egonaldia atseginagoa egiteko hiri-altzariak.

Horretaz gain, ibaiarekiko harremana hobetuko da, irisgarritasuna erraztuz, Oiartzun ibaiko Paisaiaren Ekintza Planak planteatzen dituen irizpideen arabera, eta ingurunean jada egindako solariuma bezalako esku-hartzeen jarraipena eginez. Horretarako, ur-ertzera sartzeko egurrezko arrapala berri bat eraikiko da adinekoen egoitzaren parean, eta arrapala horrek URA Agentziak eskatutako ezaugarriak beteko ditu.

Azkenik, esku-hartze honetan argiztapen-sarea ere berrituko da, eta energia aurreztearen ikuspegitik eraginkorragoak diren luminariak instalatuko dira. Argi horiek dauden zuhaitzetara egokituko dira, segurtasuna eta ikuspena hobetzeko eta argi-kutsadura murrizteko.