Auzo Batzarren balorazio positiboa egin du udalak eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten herritarrei

Argazkian: Aizpea Otaegi alkatea (erdian), eta Yolanda Martin eta Bernar Lemos zinegotziak

Urtarrilean hasi eta uztailean amaitu dituzte udal gobernuko ordezkariek Errenteriako 15 auzoetan egindako auzo batzarrak. Tartean etenaldi bat egin behar izan zuten, tartean egon ziren hauteskunde deialdietan ez eragiteko. 2 urtez behin egiten den Auzo Batzarren erronda osasuntsu dago eta horren adibide da geroz eta herritar gehiagok parte hartzen dutela horietan. Zehazki 835 herritarrek hartu dute parte azken erronda honetan. Udal ordezkariak oso eskertuta daudela adierazi dute parte-hartzearekin eta orain herritarrek egindako proposamen eta eskaerei erantzuteko lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

Batzarretan Agintaldi Planeko proiektu nagusien berri eman dute udal ordezkariek, baita duela bi urteko errondan hartutako konpromisoak zein egoeratan dauden adierazi ere. Azkenik, herritarren txanda izan da, proposamen eta eskaera berriak helarazteko aukera izan dutelarik udal ordezkariei. Batzar guztietan parte hartze maila oso altua izan dela adierazi dute udal ordezkariek eta herritar askok euren ekarpen eta proposamenak helarazi dituztela.

Ekarpen eta proposamenak askotarikoak izan dira. Auzo bakoitzaren errealitatearen arabera eskaera mota batzuk edo besteak gehiago nabarmendu direlarik. Hala ere, gehienak hondakinei edo hiri mantenuari loturiko gaiak izan dira.

Eskaerei erantzuteko lanean

Auzo batzarretan egindako eskaera eta proposamenei erantzuteko dagoeneko departamentu arteko mahai bat osatu du udal gobernuak. Mahai horretatik eskaeren jarraipena egingo da datozen hilabeteetan. Horrez gain, datozen hilabeteetan argitaratzea aurreikusten den zenbait lizitazioetan ere, auzotarrek adierazitako proposamenei erantzuteko zenbait hobekuntza txertatzeko lanean ari dira, besteak beste, hiri garbiketako zerbitzu emakidaren kontratuan.

Auzoetan saio monografikoak

Horrez gain auzoz auzoko eskaeren mapa ere osatzen ari dira eta auzo bakoitzean egon daitezkeen auzi esanguratsuak identifikatzen. Horren adibide da, Igantzin auzotarrek igogailuaren kokapenaz azaldutako kezkaren ostean gaia lantzeko auzo batzar zehatz bat egin izana atzo. Uda ostean ere beste zenbait auzotan auzo batzar bereziak egitea aurreikusten du udal gobernuak, auzoko erronka zehatzei eman beharreko erantzuna auzotarrekin batera lantzeko.

Herritarren konpromisoa, beharrezkoa

Batzar gehienetan aipatu diren zenbait erronka, udalaren jardunarekin batera, herritarren jarrera onarekin ere lotuta daudela adierazi du udalak. Bereziki, txakurren gorotzen jasoketa gai aipagarri bat izan da batzarretan, baita arratoien presentzia edota zabor boluminosoen jasoketa ere. Udalak konpromisoa hartu du erronka horietako bakoitzari erantzuten laguntzeko, dagoeneko martxan dauden neurriak indartuz eta berriak martxan jarrita. Hala ere, herritarrei ere dei egin die euren jarrera eredugarrien bidez erronka hauei erantzuteko euren ekarpena egin dezaten egunerokoan. Besteak beste, txakurren gorotzak jasoz, janaria kalean ez utziz arratoiak elikatzeko eta zabor boluminosoen jasoketarako udal zerbitzua erabilita.