Ekainak 28, LGTBI+ pertsonen eskubideen nazioarteko eguna. Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala

1969ko ekainaren 28an Stonewallen (New York) izandako istiluek inflexio-puntu bat markatu zuten LGTBI+ kolektiboarentzat. Gaur, gertaera hartatik 40 urte igaro diren honetan, jendarte-kontzientzia gero eta handiagoa den arren, datuek berresten dute gorroto-diskurtsoen icebergaren tontorrean sexu-orientazioaren eta identitatearen, edota genero-adierazpenaren ondoriozko diskriminazioa ematen dela.

Ukaezina da borrokan urteak eman eta gero LGTBI+ kolektiboa gero eta ikusgaiagoa dela, genero-eskemek estutzen jarraitzen badute ere. Lesbiana gazteek, gay-ek, trans pertsonek, bisexualek… erabaki dute beren sexualitatea askatasunean bizitzea: mobilizatu egiten dira eta harrotasunez gozatzen dute gero eta askeago.

Gure herrian eta inguruko beste herrialde batzuetan ere LGTBI+ eskubideetan eman diren aurrerapausuei so egiten diegunean, besteak beste, sexu berdina duten pertsonen arteko ezkontzen legeztatzea edota adoptatzeko eskubidea nabarmenduko genituzke.

Baina, urteotan ere, LGTBI+ kolektiboen eskubide horiek eskuratu diren lurraldeetan, jendarte parekide batean bizi gareneko uste ustela sortu da, eta ondorioz, asko dira LGTBI+ eskubideak eskuratzearen aldeko borroka alboratzen dutenak, egin beharrekoak, eginak daudelakoan.

Eta zoritxarrez, kolektibo honek pairatzen duen diskriminazioaz hitz egiten jarraitu behar dugu; adibidez, aipatu behar da hainbat herrialdetan LGTBI+ izatea heriotzarekin zigortzen dela, eta beste hainbatetan kartzelarekin (biziarteko kartzela-zigorra, isunak, lan nekagarriak eta deportazioak).

Eta hau guztia ez da bakarrik LGTBI+ kolektiboari dagokion zerbait, euskal jendarte osoari dagokion zerbait baizik. Horregatik diogu, LGTBI+ eskubideak, gainerako borroka emantzipatorioekin batera eman behar direla, justizia soziala, askatasun zibilak, herrien burujabetza, feminismoa, internazionalismoa, ekologismoaren borrokekin batera.

Izan ere, pertsona homosexual, lesbiana, transexual edo bisexual batek bizi duen egoera, jasan ditzakeen eraso zein bazterkeriak, bere jatorria, bizi lekua, adina edota egoera ekonomikoaren arabera asko alda daiteke.

Ekainak 28ko egun honetan, argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual zein bisexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri zein kaleetan, ikastetxeetan, familia zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.

Eta aniztasun afektibo sexualaren borroka, guztiona eta egunerokoa dela ulertzen dugunez, honako ekimenak burutzeko proposamena luzatzen dugu.

Konpromisoak:

1. Errenteriako Udalak bere egiten du LGTBI+ komunitateko kideekin elkarlanean eratu duen diagnostikotik eratorritako ondorio eta ekintza lerroei bide emateko konpromisoa.

2.- Errenteriako Udalak dei egiten die herritarrei LGTBI+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzera.