Errenteriako gazteak emantzipatzea erraztu ahal izateko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

Udalak Errenteriako gazteak emantzipatzea erraztu ahal izateko diruaguntza lerro bat abian jarri du.

Dirulaguntza honen helburua da alokairu erregimenean egoteak edo/eta alokairuko etxebizitza hartzeak 2019an ekarri dituzten gastuei aurre egiten laguntzea, ordainketa bakarraren bidez.

Dirulaguntza, Errenteriako herrian etxebizitza alokairuan hartuta duten 18 eta 35 urte (hau barne) bitarteko adina duten gazteei zuzentzen da. Gazte hauek errodatua egon behar dute Errenterian.

Bi dirulaguntza mota daude:

– Etxebizitzarako sarrerarako laguntza, betiere, ohiko etxebizitzaren aldaketa gurasoen etxetik, tutorearen etxetik edo gazteentzako etxebizitza komunitariotik joatean eman bada.

– Hilean ordaindu beharreko etxebizitzaren errentarako laguntza.

Bi kasuetan, elkarbizitza-unitatearen diru-sarrerek 4.500€ gordinetik gorakoak izan behar dute eta, kide bakarrekoa bada, 26.000€ gordin urteko baino txikiagoa; elkarbizitza unitatea bi kide edo gorakoa bada, orduan 30.250€ baino txikiagoa.

Dirulaguntza honen eskaera egin nahi duenak 2020ko urtarrilaren 15era arte egin dezake ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan (Herriko plaza, 1), astelehen, asteazken eta ostiraletan 7:30etik 15:00etara, edo astearte eta ostegunetan 7:30etik 19:00etara.

Ezinbestekoa da inprimakiak behar bezala betetzea eta agiri osagarriekin batera aurkeztea eta erregistratzea.

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi, gazteria.errenteria.eus/ orrialdea kontsultatu, 943449600 edo 943449606 telefonora deitu edo Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan zein Merkatuzar eraikineko (Pablo Iglesias, 3) hezkuntza eta gazteriaren bulegoetan galdetu daiteke.

Gazteen emantzipazioaren aldeko urratsak

Errenteriako Udalak, Gazteria Planaren exekuzio garaian, gazteen emantzipazio politiketan sakondu eta urratsak emateko konpromisoa hartu zuen.

Eta konpromiso horri erantzuna emateko lehenengo urratsa izan zen Gazteentzako Etxebizitza Komunitarioaren proiektua martxan jartzea non, 2020Ko urtarrilaren aurretik, beste 6 gazte berrik osatuko dute komunitatea.

Orain abian jarri duen dirulaguntza lerro berri hau beste pauso bat da gazteen emantzipaziorako politikan.