Udaltzaingoak 13 agente berrirekin indartu du plantilla

Alarma-egoera hasi zenetik, eta baita egoera horren aurretik ere, prebentzio-neurriak eta aldaketak ezarri dira Udaleko langileen lan egiteko moduan, oro har, eta Udaltzaingoaren lan-moduan bereziki, langileak zein herritarrak babesteko helburuarekin; besteak beste, txanden egokitzea eta funtzioen birbanaketa.

Neurri horien artean, berriena Udaltzaingoaren plantillan 13 langile berri sartzea izan da, egungo egoeran laguntzeko. Agente horiek prestakuntza-aldia egiten ari ziren Arkauteko Akademian, eta udalerrien esku geratu dira beraien prestakuntza prozesua etena dagoen bitartean, akademia itxita baitago aldi baterako.

Udaltzaingoaren lanari dagokionez, jarduteko barne-jarraibideak aldatu dira, eta herritarren osasuna babesteko helburu nagusira egokitu dira, 463/2020 Errege Dekretuan eta haren garapenean jasotako neurriak kontrolatuz. Ahaleginak eta lanak bi alderdi nagusitan zentralizatu dira: mugikortasuna kontrolatzea eta anbulatorioen, premiazko horniduren zentroen eta bidaiarien azpiegituren (RENFE eta Euskotren) zaintza- eta prebentzio-lanean.

Alarma-egoerarengatik eratorritako eginkizun horietaz gain, Udaltzaingoak jarraitzen du bere lan-ildoen artean izaten espazio itxien kontrola, prebentzioa eta zaintza, adibidez, garajeak, merkataritza-lokalak, pabiloiak, adinekoen zentroak… Horretarako, kale-jantzian jardungo duen dotazio bat erabiliko dute berariaz. Udaltzin hauek lagungarri izango dira, egunez, mugikortasun-neurriak betetzen direla kontrolatzeko eskaria eragiten ari diren gaietan, hala nola, pertsona batzuen behin eta berriz ez betetzeak, txakurren paseatzearen inguruko pikarokeria…

Halaber, Aste Santua iristear dagoen honetan, Udalak jakinarazi du Udaltzaingoak aurreikusita duela ibilgailu-kontrolak egitea egun, ordutegi eta leku ezberdinetan. Zentzu horretan, gehiengoak orain arte erakutsitako jarrerari eusteko eta ezarritako neurriak betetzen jarraitzeko eskatu die herritarrei.
Gainera, Udaltzaingoaren lana errazten duten eta, ondorioz, denontzat lagungarriak diren hainbat jokaera eskatu dizkiete herritarrei: erosketa-tiketa eskatu eta eramatea, azaldutakoa egiaztatzeko, edo, edukitzekotan, lana dela-eta lekuz aldatu beharra dagoela egiaztatzen duen agiria eramatea (Eusko Jaurlaritzak idatzitako eredua irekia.euskadi.eus egoitza elektronikotik jaitsi daiteke).

Udalak azaldu duenez, Udaltzaingoak 350 jarduera baino gehiago egin ditu alarma-aldian, mugikortasun-murrizketak betetzen direla kontrolatzeko. Lehen egunetan kalean interpelatutako pertsonen kopurua altua zen arren, egun batzuetan 40 pertsona baino gehiago izatera iritsiz, lehenengo astearen amaieran inflexio-puntu bat antzeman daiteke, non nabarmen jaisten hasten den. Interpelazioen kopuruak jaisten jarraitu du, eta azken bost egunotan 18 pertsonarekin jardun da. Udaltzaingoak herritarren kontzientziazio handiagoari egotzi dizkio datu horiek.

Zentzu horretan, banakako erantzukizunaren eta herritarren erantzunkidetasunaren garrantzia azpimarratu nahi dute, guztion artean osasun-alarma berezi hau konpontzen laguntzeko.