3,9 milioi euro gehituko zaizkio 2024ko aurrekontuari agintaldi planeko proiektuak garatzeko

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Eneko del Amo, Ogasuneko zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Maite Gartzia, alkateordea.

2023ko kontuak ixtearekin batera, gerakinaren zenbatekoa zehaztu du Udalak; hau da, aurreko ekitaldiko gastu eta sarreren arteko diferentzia zenbatekoa izan den. 2023a aurrezki garbiarekin eta diruzaintzako gerakin positiboarekin amaitu du Udalak.

Bestalde, Udalak Finantzatzeko Gipuzkoako Foru Funtsaren 2023ko likidazioa ere onartu da eta, ondorioz, 292.819,34 euro gehiago jasoko du Errenteriako Udalak, aurrekontuan aurreikusitakoak baino.

Azkenik, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak otsailean erabaki zuen %39,96an ezartzea udalei dagokien partaidetza finantza erakundeen eta energia enpresen aldi baterako kargetan. Kontzeptu honetan 373.615,59 euro jasotzea egokitu zaio Errenteriako Udalari.

Horiek guztiak kontuan hartuta, geratzen den gerakina baliatuko du orain Udalak agintaldi planean jasotako proiektuei bultzada garrantzitsu bat emateko.

Horretarako, udal gobernu taldeak 3,9 milioi euroko gehikuntza egitea proposatzen du 2024ko aurrekontuan.

Aurrekontu exekuzioa hobetzen

2023ko kontuen itxierak aurreko urteko aurrekontuaren kudeaketaren argazkia ere utzi du. 2022ko aurrekontuarekin alderatuta 5 milioi eurotan hazi bazen ere 2023ko aurrekontua, honen exekuzio mailak %2 egin du gora ia %86ra iristeraino.

Bereziki aipagarria da inbertsioen atalean exekuzio mailak izandako hazkundea: 2022arekin alderatuta, %17 egin du gora atal honetako exekuzio mailak, aurrekontua iazkoa baino handiagoa bazen ere. Horrek argi erakusten du udal gobernuak diru publikoa modu eraginkorrean kudeatzeko duen gaitasuna, baita proiektu garrantzitsuak martxan jartzekoa ere.

Aurrekontu handiagoa, erronka handiei erantzuteko

3,9 milioi euroko gehikuntza berri honekin, 70 milioi euroko aurrekontua izango du udalak 2024rako, iazkoa baino %11 handiagoa. Aurrekontu honen bidez bost erronka handiri erantzun nahi die Udal Gobernuak: tokiko ekonomia sendotzea, gizarte babesa indartzea, trantsizio ekologikoan jauzi bat ematea, hiria berritzeko proiektuak garatzea eta kultura hedatzea.

Horren adibide dira gerakinaren bidez bultzatuko diren proiektuak. Izan ere, 3,9 milioi euroko gehikuntzatik, 2,8 milioi euro agintaldi planeko proiektuak garatzera bideratuko dira, bereziki inbertsioak egitera.

Tokiko ekonomia sendotzeko bidean, %10 baino gehiago haziko da garapen ekonomikorako aurrekontua. Trantsizio ekologikoa bizkortzeko, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak sustatzera 600.000 euro gehiago bideratuko dira. Mugikortasun jasangarria bultzatzeko ere 656.000 euroko gehikuntza egingo da, besteak beste, igogailuen mantenua hobetu (Sorgintxulo Basanoagarekin lotzen duena eta Parke kalea Galtzaraborda hiribidearekin) eta Altzateko aparkaleku disuasorioaren proiektua idazteko.

Hiria berritzeari dagokionez, hiri mantenuko proiektuak indartzeko 766.000 euro gehiago bideratuko dira departamentu horretara, besteak beste, Gabierrotako egurrezko zubia berritu eta landa eremuko etxeetan ur hornidura bermatzeko lehen bi faseen proiektuak idazteko.

Azkenik, kultura hedatzeko helburuarekin Ahotsaren eta Musikaren Etxeko proiektua idazteko aurrekontua gehituko da, baita programazio kulturala sendotzeko ere.