Koldo Mitxelena BHIko eraikin erantsiak Mariasun Landa izena du jada

Duela bi aste Koldo Mitxelena Institutuak Mariasun Landa idazlea omendu zuen, eskolaren 50. urteurrenaren ospakizunen barruan. Orduan eman zen jakitera institutuaren eraikin erantsiak Mariasun Landa izena izango zuela aurrerantzean.

Gaur goizean ekitaldia egin dute Udaletxean eta bertan parte hartu dute Mariasun Landa idazleak berak, Koldo Mitxelena Institutuko zuzendari Arantxa Igartuak, ikastetxeko DBHko 1. mailako ikasle talde batek, Aizpea Otaegi alkateak eta udal talde guztietako ordezkariek.

Ekitaldia zuzendariak ireki du eta eraikinean jarri duten plakaren erreplika eman dio Mariasun Landari.

Landak, plaka jaso eta eskerrak ematearekin batera, herriarekiko lotura gogoratu eta balioetsi du. Koldo Mitxelena eta Pio Baroja oroimenean eduki ditu hezkuntza zentroaren eraikinaren izenak aintzatetsita.

Gazteen ahotik etorri da Koldo Mitxelena ikastetxearen ibilbidea gogora ekarri duen hitzartzea. Denboran egindako bidaia honetan zenbait erronka nabarmendu dituzte; tartean, ikasketa eredua etorkizunera egokitzeko beharra. Zehazkiago, barre artean, azterketak desagertzeko nahia azaldu dute.

Bere aldetik, Aizpea Otaegi alkateak eskertu egin ditu Mariasun Landaren gertutasuna eta hezkuntza zentroak egin dituen egokitzeko ahaleginak. Aipatu dituenen artean, berdintasunaren, euskararen eta aniztasunaren alde egindako esfortzuak daude.