Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat da, genero-desberdinkerien adierazpenik larriena eta, batez ere emakumeei eragiten diena. Emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten giza eskubideen aurkako urraketarik larriena bada ere, sexu-genero-sexualitate sistema nagusiaren aginduak hausten dituzten pertsonek ere jasaten dute (hala nola, LGTBI+ pertsonek).

Indarkeria matxista gure jendarteko arazo larrienetarikoa da eta mugimendu feministak azken hamarraldian egindako aldarrikapenek gai hau agenda politiko eta sozialean sartzea lortu dute. 

Indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta eta laguntza emateko baliabideak eta zerbitzuak

Indarkeria matxista pairatzen ari diren emakumeek bereziki nora jo dezaketen jakiteko eta zein baliabide eta zerbitzu dituzten ezagutzeko helburuarekin sortu dira ondorengo euskarriak.
Udal baliabideak:
Emakumeen Etxea
Gizarte Zerbitzuak
Udaltzaingoa

Azaroaren 25a

Berdintasun Plana

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza izaten dira jendea sentsibilizatu, indarkeria jasaten duten emakumeei elkartasuna adierazi eta egoera horiek salatzeko.

Zergatik azaroaren 25ean? Dominikar Errepublikan, 1960ko azaroaren 25ean, Trujilloren diktadurapean Mirabal ahizpak (María Teresa, Patricia eta Minerva) diktadura haren kontrako herri-mugimenduan parte hartzeagatik torturatu, bortxatu eta erail egin zituzten. Era horretan emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren, eta 1981etik hona azaroaren 25 guztietan mundu osoan zehar oroitzen da egun hori. 1999ko abenduan Nazio Batuen 83. Biltzarrean, Dominikar Errepublikak proposatuta, beste 60 gobernuren laguntzarekin, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna aldarrikatu zen.

Plakak herriko sarreretan

Errenteriako Berdintasun Kontseiluak proposatuta, 2019ko azaroan herriko lau sarreretan Errenterian eraso sexistei aurre egiten diegu. Lesbofobia, homofobia, transfobia, bifobia eta interfobiarik gabeko udalerria leloa duten plakak jarri ziren.

Plaka horiek indarkeria sexistarik eta fobiarik gabeko herria aldarrikatzeko eta herritarren artean indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktiboa sustatzeko jarri ziren.

Sentsibilizazio-kanpaina

Indarkeria matxista egiturazko arazoa da eta kanpaina honekin azpimarratu nahi da urteko egun guztietan indarkeria matxistarik gabe bizitzeko nahia.

Kanpaina honekin beste hiru mezu ere zabaldu dira: Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten diogula, emakumeok ez dugula baimenik behar askatasunean bizitzeko, eta eraso baten erantzulea erasotzailea dela. Era berean, Errenteriako Udalak indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeentzako laguntza, informazio eta orientaziorako udal baliabideak gogorarazi ditu: Gizarte Zerbitzuak eta Emakumeen Etxea.

Kanpaina zabaltzeko erabili diren euskarriei dagokienez, Udaletxeko balkoian jartzen den pankarta berritu da eta autobus geralekuetako markesinak erabili dira. Halaber, kanpainako kartelak banatu dira udalerriko udal eraikinetan, komertzioetan eta ostalaritza establezimenduetan.

Azken urteetako programazioa:

Jai parekideak

Duela gutxi arte jaiak emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarrikapenerako lehentasunezko eremu izan ez badira ere, jakina denez, jaiak ospatzeko dugun modua gure jendartea antolatuta dagoen moduaren eta ditugun balioen isla da. Komunitate gisa ditugun balio, nortasun, ideologia eta egiturak birsortzen dituzte jaiek, eta ditugun gatazkak, botere-harremanak, rol-banaketak, indarkeria-egoerak… adierazten dituzte.

Jaietan jende ugari biltzen da, eta ospakizunetarako eta ondo pasatzeko gogoa izaten da. Emakume eta gizonak kalera ateratzen dira, gizarte-arauak malgutu egiten dira eta eraso sexistak sarriago gertatzen dira (irainak, mespretxuak, ukituak, bortxaketak…). Horrenbestez, garrantzizkoa da nabarmentzea elkar errespetatu behar dugula eta elkarbizitzaren aldeko jokabideak behar ditugula.

Madalenetako kanpaina

Emakume izate hutsagatik egoera gogorrak bizi ditugu batzuetan. Festak taberna, txosna eta elkarte gastronomikoetan ospatzen direnez, toki horiek dira sentsibilizatzekoak, elkarren arteko errespetua, zaintza eta tratu ona bermatze aldera. Hala, madalenetan sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina jartzen da martxan; hau da, errespetuzko jarrerak aldarrikatzeko kanpaina eta guztion gozamenerako jaiak izan daitezen, inolako eraso sexista, homofobo, lesbofobo, xenofobo eta transfoborik gabe.

Sentsibilizazio kanpainarekin batera, ondorengo baliabiabideak martxan jarri dira.

24 orduko telefono zerbitzua

Uztailaren 21etik 31ra (biak barne), 24 orduko telefono zerbitzua aktibatu da, doakoa eta erabat konfidentziala.
Zerbitzu honen helburu nagusiak informazioa eta orientazioa eskaintzea, laguntza psikologikoa ahalbidetzea eta erregistroa burutzea izan dira.

Indarkeria sexistarik gabeko gunea

Aurten, lehen aldiz, orientaziorako eta informaziorako gune presentziala aktibatuda. Irekita dagoen ordutegian laguntza eskaintzeko eta euskarri informatiboak banatzeko.

Foru plazan kokatu da eta bi profesional egon dira bertan.

Beldur Barik Programa

Beldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta haren helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendartearen eraldaketan laguntzeko. Alegia, Beldur Barik jarrera bultzatzea. Horretarako, Beldur Barik programa hainbat tresnaz baliatzen da.

 

 

 

Erakundeen arteko koordinazioa

Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeak artatzeko eta indarkeria kasuak hobeto detektatzeko, erakundeen arteko koordinaziorako mekanismoak jarri dira eta erreparazio neurriak hartzeko irizpideak ezarri dira. Horretarako, indarkeria matxistari aurre egiteko udal zerbitzuak koordinatzen ditugu, orientazioa eta informazioa ematen dugu eta erreparazio neurrien inguruko aholkularitza ematen dugu, besteak beste.