Kulturgintzak parte-hartzea esan nahi du Errenterian. Udalaren ekimenak eta herriko elkarteen ekimenak bat egin eta elkar elikatzen dira errenteriarrei programazio bizi eta plurala eskaintzeko.

Kultura azpisailak kalitatezko jarduera eta proiektuak programatu eta sustatzen ditu, eta komunitatea bere aniztasunean indartzea, aberastea eta kohesionatzea du helburu. Horretarako, sorkuntza, esperimentazioa, formazioa eta berrikuntza proiektuak bultzatzen ditu, Errenteria sortzaile, dinamiko eta aberats baten alde lan eginez ondorengo esparruetan:

  • Arte adierazpenak: Arte eszeniko garaikideen programazio egonkorra, areto zein espazio publikoan eta ikusle eta estilo guztiei zuzenduta. Gainera, sorkuntza egonaldien eta bitartekaritza programen bidez, sortze-lan prozesuak partekatzeko aukera ematen zaie herritarrei.

Arte plastikoei lotutako erakusketa programa eklektikoa ere garatzen da.

  • Jaialdiak eta herriko jaiak: Madalenak, San Marko eguna, Inauteriak, San Tomas eta auzoko jaien antolaketa, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean. Halaber, herrian errotuta dauden Atlantikaldia eta Errenteria Film Laburren Jaialdia ere antolatzen ditu Kultura azpisailak.

Horiek guztiak eta baita eragileek sortzen dituzten beste hainbat eta hainbat ekitaldi, parte-hartze prozesu emankorren fruitu eta isla dira; egiteko modu baten adierazle.

  • Kultur formakuntza: Xenpelar Tailerretan arte plastikoen inguruko diziplina ezberdinetarako sarbide-formazioa eskaintzen da.

Horrez gain, Dejabu eta Kukai Dantza konpainia egoiliarrekin batera antzerki eta dantza alorretako formazio eta sentsibilizazio programa ezberdinak diseinatzen dira.

  • Ondarea: Kultura azpisailak San Marko gotorlekuaren, Merkatuzarren , Kapitain Etxearen edota Fanderiako Errotaren dinamizazio eta zaintzaren gaineko ardura du.

Bisitatu Kulturako webgunea.

Niessen Kulturgunea